Urtero hainbat ekimen egiten dira herrietan, euskara hutsezko liburu eta diskoak plazara ateratzeko eta jendartean ezagutzera emateko: azokak, egitarau bereziak, jardunaldiak…

Horien arteko sarea josteari ekin diogu, indarrak batzeko eta aurtengo egutegia eta bakoitzaren ekimenak elkarrekin aurkezteko.

Doinuele jarri diogu izena euskara hutsezko plazen sareari, eta hastapen honetan zortzi herri edo zortzi ekimen elkartu bagara ere, ateak irekita daude sare honetan parte hartu nahi duten gainerako ekimenentzat.

Hori horrela, martxoaren 15ean Bilboko Bira espazioan aurkeztu zen Doinuele, Euskarazko Plazen Sarea. Azkoitia, Baztan, Galdakao, Hernani, Lazkao, Sara, Zarautz eta Ziburu. Zortzi herri eta hautu bat: euskara hutsezko azokak eta plazak antolatzea euskal literatura eta musikagintza sustatzeko.