EUSKARA ARI DU

Euskaraldia

Euskaldunon hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimenaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Aurten ere, ahobizi eta belarriprest dinamikan oinarrituko da Euskaraldia. Baina horretaz gain, ariguneen papera izango dugu bigarrenez. Horietan herriko entitateei izena
emateko aukera eskainiko zaielarik.

Euskara Ari Du-tik, orain arte lortutakoari jarraipena ematea izango dugu helburu. Kaleak hartzea, herrian eragitea eta herritarrak mugitzea izango dira gure egitekoak.

Ikastetxeekin lanketa

Ahalduntze saioak ikastetxeetako irakasle eta hezitzaileekin. Ikasleekin euskaraz harremantzeko estrategiak garatzen laguntzeko saioak dira. 2021ean Elizatxo Ikastolan saio bat egin zen jangelako begiraleekin. Saioaz gain, lan horretan laguntzeko dekalogo bat ere sortu eta banatu zitzaien estrategia horiek garatzeko hamar klaberekin. Aurten, Aratz Ikastola eta Hernaniko Institutuko irakasleekin egin dugu lan.

Kirolean Euskaraz

2021ean Hernani Club Rugby elkartea Euskara Ari Du-rekin elkarlanean, KEES (Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko) Metodologian murgildu zen. Aurten, aurreko denboraldian hasitako bideari jarraipena emateaz gain, CDHernaniko Futbol sailarekin ere lanean hasi gara. Entrenatzaileek egin beharreko bakarra, euskarari eustea izango da. Jakina da kirol eremuan gaztelaniaren nagusitasuna, beraz, horri aurre egitea izango da helburua. Horretarako formazio saioa eskaini zitzaien metodologian parte hartuko duten entrenatzaileei.

Merkataritza eta ostalaritzan Euskaraz

Hernaniko merkatal guneetan ekimen ugari egiten direla badakigu, baina gure kasuan, beste herrietan egiten dena ikusi ondoren, paisaia linguistikoan eragiten hastea (berriro ere) beharrezkoa ikusten dugu. Orain arteko bidea ikusita, argi dugu herriak pausu bat eman duela paisaia linguistikoa euskalduntzen. Gaur egun, paisaia linguistikoa euskaraz edo gutxienez bi hizkuntzetan ikustea da ohikoena, baina oraindik ere badira gaztelania hutsean topatu daitezkeenak edota euskaraz izan arren, harrera gaztelaniaz egiten dutenak.