Aurtengo ikasturtean ere, goizeko zaintza zerbitzua eskainiko dugu Langile Ikastolan, haur zaintza behar duten familiei zuzenduta.
Eguneko lehen orduetan, haurrak giro euskaldun, goxo eta ludikoan egongo dira, eguna ahalik eta modu atseginenean hasteko. Horretarako, hainbat jarduera egiteko aukera izango dute, besteak beste: jolasak, mahai-jokoak, irakurketa, margoketa…
Goizeko zaintza zerbitzuan ere, Doberak bere helburuei eutsiko die: haurren artean euskararen erabilera indartzea eta sustatzea. Horrez gain, hezkidetza, elkarlana eta talde-sentimendua bultzatu nahi ditugu; euskal kultura ezagutarazi eta adin ezberdinetako haurren arteko harremanak sustatu, lagun berriak egiteko aukera izan dezaten.
Doberako hezitzaileak arduratuko dira haurren harrera goxoa egiteaz. Haurrak hartzeaz gain, gurasoen oharrak ere jasoko dituzte, ondoren ume bakoitzaren tutoreari helarazteko. Era berean, hezitzaileak arduratuko dira haurrak beren irakasleekin uzteaz.
Ordutegia: 7:30etik 9:00etara. Sarrera-ordua malgua da, familia bakoitzaren beharren arabera.
Egutegia: Ikastolako egutegia errespetatuko da. Irailean hasi eta ekainera arte eskainiko da zerbitzua, astelehenetik ostiralera.
Parte-hartzaileak: HH2tik LH6ra arteko ikasleak.
Non? Printzipioz, haurrak Meabeko musika-gelan elkartuko dira denak batera. Haurrak topagunean utzi ondoren, Doberako begiraleak arduratuko dira 9:00etan bakoitza bere gelan uzteaz, baita Bidebieta eta Laubidietako ikasleak ere. (Haurren izen-emate kopuruaren arabera aldaketak egon daitezke)
Kuota:
- Hileko tarifa: Ohikoa 77€ – Doberako bazkideak 72€
- Anai-arrebentzako tarifa: 67€ – Doberako bazkideak 62€ (umeko)
- Aldizkako erabilera: 10€.
*Baldintzak:
- Zerbitzua martxan jartzeko, gutxieneko haur kopuru batek eman beharko du izena. Hori dela eta, zerbitzuarekin interesa izanez gero, izen-ematea lehenbailehen egitea gomendatzen dugu.
- Ohiko erabiltzaileen ordainketa hilero egingo da. Hurrengo hilabetearen hasieran egingo dira kontu-karguak, izen-emate formularioan adierazitako kontu korrontean.
- Aldizkako zerbitzua behar izanez gero, eskaera gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Zerbitzua astelehenean behar izanez gero, berriz, gutxienez 72 ordu lehenago egin beharko da.
- HH2ko ikasleak: HH2ko ikasleak urrian hasiko dira zerbitzua erabiltzen, egokitzapen-prozesua amaitu ondoren. Nahi izanez gero, goizeko zaintza zerbitzuan ere egokitzapen-prozesu bat egiteko aukera izango dute.