EUSKARA AKTIBAZIOA

Hamaika batuaz

Hamaika Batuaz, eskola orduetatik kanpoko errefortzu linguistikoa da. Euskararekin harreman handirik ez duten haur/gazteentzat, betiere modu ludiko batean, gure hizkuntza erabiltzen gustura senti daitezen.

Egitasmoa haur/gazteen motibazioan, ezagutzan eta erabileran eragiteko programa da. Eskola ez da nahikoa izaten etorri berriak euskalduntzeko, eta programa hauen bidez herriko beste gaztetxoekin integratzeko aukera handiagoak dituzte.

Lehen Hezkuntzako 1, 2 eta 3. mailako umeak: Adin tarte honetan 7 talde osatu dira ikasturte honetan. Talde bakoitzak astean ordu eta erdiko saioa izaten du. Gaur egun 110 bat ume dabiltza egitasmoan (inoiz baino gehiago) eta eurekin batera, 6 begirale aritzen dira, 2 begirale talde bakoitzeko.

DBHko mailan ere beste talde bat sortu da, Aratz ikastetxea. Hauekin ere hizkuntza errefortzua egiteko asmoz, ordubetez elkartzen dira astean. Modu ludiko batean, irteerak eginda edo ikasgela batean egonda, hizkuntzaren erabilera indartzea da helburua.

Mintzalaguna

Mintzalaguna helduentzako euskarazko mintzapraktika egiteko egitasmoa da, euskaraz hitz egiten duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da. Guztiz doakoa!

Ekimenak euskaraz aritzeko aukera ematen die parte hartzaileei. Egitasmo honek, norberaren euskara maila hobetzeko, beldur eta lotsei aurre egiteko, giro euskaldunean murgiltzeko, lagun berriak egiteko, euskaraz bizitzeko eta normalizazioaren alde egiteko balio du.

Parte hartzeko bi modu daude: euskara praktikatuz edota euskara praktikatzen lagunduz. Egitasmoan izena ematen dutenak talde batean edo bestean sartzeaz Doberako dinamizatzailea arduratzen da eta taldeko partaideen ordutegiak, gustuak, afizioak, euskara maila… hartzen dira kontutan.

Talde txikien saioez gain, harreman sarea handitzeko helburuarekin, parte hartzaile guztiek elkarrekin egiteko jarduerak antolatzen ditugu; mintzapotea, bisita gidatuak, irteerak…

Gaur egun, 50 bat lagunek hartzen dute parte egitasmo honetan.

Sentsibilizazio saioak

Hernaniko Institutuan, DBHko ikasleei eskaintzen zaizkien saioak dira eta gazteen euskararen errealitatearekiko kontzientziazioa bilatzea du helburu. Horretarako, euskararen eta munduko beste hizkuntzen inguruko egoerak eta historia modu dinamikoan azaltzen dira.

Nahiz eta gazteen artean euskararen ezagutza maila handia izan, erabilera nahiko urria da. Hau da, euskaraz dakite ia guztiek baina geroz eta gutxiago hitz egiten dute. Fenomeno hori iraultzeko, gazte hauen kontzientzian eragiten saiatzen gara, gaiaren inguruan hausnartuz eta beraiek euskarari ematen dioten balio edo prestigioa handitzen saiatuz.

Egoera horren erantzule Pantailetako hizkuntza nagusia gaztelania izatea, euskal erreferente faltak eta euskarazko eskaintza eskasak, gaztetxoenek gaztelaniazko mundua kontsumitzera eraman ditu. Gaztelania euskararen gainetik kokatzen dute eta euskara, hizkuntza akademikoa bilakatzen ari da askorentzat.

Urteetan errepikatzen den fenomenoa izanik, badakigu urteak pasa ahala, gazte horietako asko euskararen mundura itzultzen direla. Baina hala ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu gaztetxo horietan lehenbailehen eragitea, batzuetan ez baitira euskararen mundura itzultzen.

Izen emateko fitxa

Nola hartu nahi duzu parte?

Idatzi taula honetan zein ordutan har dezakezun parte egitasmoan. Zenbat eta ordu gehiago aukeratu, talde batean kokatzeko aukera gehiago izango duzu:

Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakori jarraiki, erabiltzaileak baimena ematen du bere datuak Dobera Euskara Elkartea titular duen fitxategi batean sartzeko, eta datu horiek bai erregistroa kudeatzeko edo harpidetzeko erabiltzeko, bai administrazio eta kontabilitate kudeaketarako, baita merkataritza eskaintzak eta produktuei eta zerbitzuei buruzko informazioa bidaltzeko ere. Era berean, erabiltzaileak baimena ematen du bere datuak zerga administrazioari eta bankuei, aurrezki kutxei edo bestelako kutxei lagatzeko, betiere haiek behar bezala babestuta eta zerbitzua garatzeko beharrezkoa denean. Erabiltzaileak, halaber, bere datuak kontsultatzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurkaratzeko eskubideak ezagutzen dituela adierazten du. Eskubide horiek Dobera Euskara Elkartearen egoitza sozialean baliatu ahalko ditu, honako helbide honetan: Larramendi kalea 11, 20.120 Hernani (Gipuzkoa).